128_18.png

Perpausak elkartzeko bidea. Menderakuntza


Batzuetan, perpaus bat beste baten barruan txertatzen dugu menderagailuez baliatuz. Horrelakoetan menderakuntza erabiltzen ari gara.

Juntagailuen aldean hainbat ezaugarri berezi dituzte menderagailuek:

  • Juntagailuak hitz solteak dira, eta menderagailuak, berriz, atzizkiak.

  • Juntaduran, maila bereko perpausak elkartzen dira; menderakuntzan, berriz, perpaus nagusia eta menpekoa ditugu.

  • Juntaduran ez dago ia mugikortasunik, baina menderakuntzan, mugikortasuna dago hurrenkeraren aldetik.

  • Menderakuntza errekurtsiboa da, hau da, menpeko perpaus baten barruan beste bat txerta daiteke, nahi adina aldiz.

Menderakuntzaren barruan honako multzoak bereiz ditzakegu:

  • Perpaus Osagarriak: Amak esan du ez dela etorriko.

  • Zehar Galderak: Jakin nahi dut ea lana egin duzun.

  • Helburuzkoak: Krema ekarri dut zuri emateko.

  • Kausazkoak: Ez da etorri gaixo dagoelako.

  • Baldintzazkoak: Euria egiten badu ez noa.

  • Erlatibozkoak: Ikusi duzun gizona nire aita da.

  • Denborazkoak: Zu etorri zinenean ohean sartu nintzen.

  • Kontzesiboak: Lana gaizki egin arren ordaindu egin didate.

  • Moduzkoak: Zuk esan bezala egin dugu.

  • Konparaziozkoak: Hau espero nuen baino hobeto atera zaigu.

  • Ondoriozkoak: Hain zen altua, non sabairaino heltzen baitzen.