031.gif

Perpausa



Definizioa


Testuko bi pausa edo etenen tartean gertatzen den esanahidun katea mintzatu edo idatzia da perpausa. Katea honek gutxieneko esanahi autonomo bat darama berarekin, zentzu-batasuna du. Esate baterako aditza falta zaion esapide bat ez da perpausa. Esanahi osoa duen hizketako atalik txikiena dela esan dezakegu. Hizkuntza mintzatuan, intonazioaren bidez lortzen den doinuan nabari da zerbait osoa eta bukatua dela, eta idatziz, berriz, letra larriz hasi eta puntuaz, galde-zeinuaz edo harridura-zeinuaz bukatzen den atala da perpausa.

Perpaus-motak esanahiaren arabera


Hiztunak perpausa osatzerakoan hartzen duen jarreraren arabera, lau mota hauetakoak izan daitezke:

- Adierazpen-perpausak: besterik gabe zerbait adieraztea dute helburu, galderarik, ezbairik edo agindurik gabe.

- Galde-perpausak: galdera bat daramatenak.

- Aginte-perpausak: agindua adierazten dutenak.

- Harridura-perpausak: hiztunaren sentimendu bat indarrez adierazten dute. Intonazioaren bidez nabarmentzen da hizketan eta harridura-zeinuaren bidez idatziz.

Perpausaren egitura


Perpausak ezinbestekoa du aditza, elipsian bederen. Batzuetan aditzak soilik osatzen du perpausa. Nolanahi ere ohikoena zenbait atal izatea da.

Adibidez, demagun honako perpaus hau dugula:

Miren badator
Hor bi atal bereiz ditzakegu: izen bat (Miren) eta aditz bat (badator).

Norbaiti buruz zerbait esaten dugu. Atal horiei sintagmak esaten zaie.

Hitz hori grezierazkoa da eta multzoa edo konbinazioa esan nahi du. Kasu honetan sintagmak izan litezkeen bakunenak dira, elementu bana baizik ez baitute, baina izenak bere inguruan beste osagarri batzuk izan ditzake, izen-sintagma osatzen dutenak eta aditzak bereak, aditz-sintagma osatzen dutenak. Horrela:

Bilboko izeba autobusez dator
perpausean izeba izenak Bilboko osagarria dauka eta bien artean osatzen dute izen-sintagma (IS). Aditz-sintagman (AS), berriz, dator aditzak autobusez osagarria du.

Honela adieraz dezakegu perpausa izen-sintagmak eta aditz-sintagmak osatzen dutela:

P = IS + AS

Izen-sintagmak zer egiten duen, zer den, nola dagoen, nolakoa den, etab. esaten du aditz-sintagmak. Aditz-sintagma beti predikatua da, subjektuaz esaten dena. Subjektua beti izen-sintagma da, baina aditz-sintagmaren barnean izen-sintagmak ager daitezke. Perpaus batzuk ez dute subjekturik, inpertsonalak dira, adibidez:

Ateri dago

Perpaus barneko hitzen ordena


Euskal perpauseko osagarrien ordena edo hurrenkera librea da, esan nahi baita hainbat hurrenkera gerta daitezke. Alabaina, kontuan izan behar da hurrenkera aldatzearekin esanahia alda daitekeela. Adibidez, demagun perpaus hauek ditugula:

1 Bilboko izeba autobusez dator

2 Bilboko izeba dator autobusez

Badirudi 1 perpausak Bilboko izeba nola datorren adierazten digula eta 2 perpausak, aldiz, nor datorren autobusez. Lehen kasuan autobusez eta bigarrenean Bilboko izeba nabarmenduta geratzen dira. Horrela nabarmenduta geratzen den elementuari galdegaia esaten diogu.

Ez da, ordea, elementu bat nabarmenduta egotea nahitaezkoa. Perpaus batzuk ez dute galdegairik. Orduan esaten da perpausak hurrenkera neutroa edo markatu gabea duela. Euskaraz hurrenkera neutroa hauxe da:

Subjektua>osagarria(k)>aditza

Galdegairik ez izanda ere, perpausa luzea denean, ordena hori apurtu egiten da batzuetan.

Perpaus bakunak eta elkartuak


Perpaus bakunak aditz bakarra dutenak dira eta elkartuak aditz bat baino gehiago dutenak

Eguraldiak onera egingo du perpaus bakuna da.

Eguraldi ona egiten badu bizikletan ibiltzera joango gara perpaus elkartua da.