2sun1c.gif

Perpausak elkartzeko bidea. Lokailuak


Testu mailako loturak adierazteko erabiltzen ditugun hitzei lokailuak esaten zaie. Lokailuak hitz solteak dira, hau da, ez dira atzizkiak.

Juntagailuak ez bezala, metatu egin daitezke; hau da, perpaus berean lokailu bat baino gehiago ager daiteke.

Lokailuak bost multzotan sailka ditzakegu:

  • Emendiozkoak: aurretik esandakoari zerbait gehitu edo gaineratzeko, adibidez: bestalde, halaber, orobat, berebat, behintzat, segurik, behinik behin, bederen, bederik.

  • Hautakariak: testuan adierazitako gauza edo ideien artean hautatzeko, adibidez: bestela, osterantzean, gainerakoan, gainontzean, ezpabere.

  • Aurkaritzakoak: aurretik esandakoari aurkaritza adierazteko, adibidez: ordea, berriz, ostera, aldiz, aitzitik, bitartean, artean, alta, alabaina, dena dela, hala ere.

  • Ondoriozkoak: testuan zehar esandakoaren ondorio gisako zerbait adierazteko, adibidez: beraz, bada, hortaz, orduan, honenbestez, horrenbestez, halatan.

  • Kausazkoak: testu mailako kausazko loturak adierazteko, adibidez: izan ere, zeren, ze.

Emendiozko lokailuak


Emendiozko lokailuak emendatzeko edo gehitzeko erabiltzen dira. Horien artean hauek daude:

  • Ere: osagai bati egiten dio erreferentzia; honenbestez, ez da autonomoa eta ezin da bera bakarrik joan. Betiere aipatutako perpausaren elementu horren atzean eta ondo-ondoan kokatzen da.

  • Gainera: aurretik esandako zerbait azpimarratzeko. Normalean, mendeko perpausaren hasieran doa.

  • Bestalde: esandakoa indartzeko, perpausaren edozein lekutan koka daiteke.

  • Halaber, orobat, berebat: aurretik esandakoari zerbait gehitzeko, perpausaren edozein lekutan doalarik.

  • Behintzat, bederen, behinik behin: aurretik esandakoari zalantza kutsua eransteko. Ez dira neutroak; hiztunaren ustea adierazten dute.

Lokailu hautakariak


Lokailu hautakariak, izenak berak adierazten duenez, gauza edo ideien arteko hautaketa adierazteko erabiltzen dira. Beraz, edo eta ala juntagailuen baliokideak dira, adibidez:

Ez edan gehiago edo mozkortuko zara.

Ez edan gehiago; bestela mozkortuko zara.

  • Bestela, osterantzean: bi erabilera nagusi ditu, baldintza eta murriztapena, "hori alde batera utzita" esapidearen antzeko esanahia duela. Esaiozu egia; bestela, haserratuko da.

  • Gainerakoan: balio murriztailea edo baldintzakoa. Jan agudo,

gainerakoan ohera eramango zaitut
.

  • Ezpabere, ezperen: baldintza balioa du, eta beti perpausaren hasieran agertuko da. Zehaztapen bat egingo dugu, ezpabere, askok pentsa dezakete salbuespen bat dela.

Aurkaritzako lokailuak


Aurkaritzako lokailuak (ordea, ostera, aldiz, berriz, aitzitik, hala ere, alabaina, alta, dena dela...) aldez aurretik esandako zerbaitekiko aurkaritza adierazteko erabiltzen dira. Beraz, baina juntagailuaren antzekoak dira, adibidez:

Ez dut inoiz ikusi, baina berehala ezagutuko nuke.

Ez dut inoiz ikusi; hala ere, berehala ezagutuko nuke.

  • Ordea, ostera, aldiz, berriz: antzekoak dira, eta oro har, perpausa hasieran, tartean, zein bukaeran ager daitezke. Ordeak, berriz, lekua murriztuagoa dauka.

  • Aitzitik: lehenengo perpausa ezezkoa denean; bigarren perpausaren hasieran agertuko da.

  • Hala ere: bigarren perpausaren hasieran kokatuko dugu. Eta eta baina juntagailuekin batera maiz agertzen da.

  • Alabaina: bi adiera har ditzake: aurkaritza eta azalpena.

  • Dena dela: nolanahi ere esapidearen baliokidea da eta normalean bi perpausen artean jartzen da.

  • Haatik, horratik: bi erabilera ditu, alegia, aurkaritzako lokailu gisa ager daiteke edo harridura perpausetan.

Ondoriozko lokailuak


Ondoriozko lokailuak (beraz, ba(da), hortaz, orduan, halatan, honenbestez, horrenbestez...) beste lokailu guztiak bezala, ideia eta perpausen arteko lotura adierazteko erabiltzen dira, baina ondorio kutsua gaineratuz. Alegia, jarraian esango dena aurretik esandakoaren ondorioa dela adierazteko erabiltzen dira. Hau dela eta, ilatiboak edo kontsekutiboak esan ohi zaie.

  • Beraz: dedukzioa egiteko erabiltzen da eta, oro har, bi perpausen artean agertzen da.

  • Bada: hiru balio dauzka: ondorioa (= beraz), kausa (= zeren) eta hitz indargarri gida.

  • Hortaz: berazen baliokidea da.

  • Orduan: baldintza kutsua du.

  • Honenbestez, horrenbestez, hainbestez: erakusleetatik eratorriak dira, eta berazen balio bera dute.

  • Halatan, hala: beraz lokailuaren baliokidea.

Kausazko lokailuak


Kausazko lokailuak (izan ere, zeren, ze, zergatik, alabaina, ba(da)...), gainerako lokailu guztiak bezalaxe, ideia eta perpausen arteko lotura adierazteko erabiltzen dira, baina kausa kutsua gaineratzen dute. Nolabait, jarraian esaten dena aurretik esandakoaren zergatia edo azalpena dela adierazten dute.

  • Izan ere: perpausaren hasieran ipintzen da, eta beste partikula batzuekin ere ager daiteke.

  • Zeren: perpausaren hasieran agertzen da, eta eta izaten du, indargarri gisa.

  • Alabaina: posizio guztietan ager daiteke.

  • Bada: zeren lokailuaren parekoa da.