adore.png


Aditz iragangaitzak eta iragankorrak eta aditz arazleak


Euskararen ezaugarri bat ergatibotasuna da, subjektuak aditz iragankorrekin hartzen duen marka. Horregatik, aditz iragankorrak eta aditz iragangaitzak bereiz ditzakegu.

Aditz iragankorrak


Aditza iragankorra da perpaus nagusia edun/ezan motakoa denean, hau da, subjektu bat eta objektu bat duenean (subjektuak ergatiboaren marka darama eta objektuak absolutuaren marka, aditza nor-nork sailekoa izanik).

Amak sagar bat jan du (amak subjektua, sagar bat osagarri zuzena).

Hirugarren elementu bat ere ager daiteke, hau da, zeharkako objektu edo osagarria (datiboan nori), eta horrelakoetan, aditza nor-nori-nork sailekoa izango da.

Amak niri musu bat eman dit. (amak subjektua, musu bat osagarri zuzena, niri zeharkako osagarria).

Aditz iragangaitzak


Aditza iragangaitza izango da perpaus nagusia edin/izan motakoa denean, hau da, subjektua duenean baina objekturik ez (subjektuaren marka kasu absolutua izango da, nor).

Ama gaztea da (ama subjektua).

Bigarren elementu datibo bat, nori, ere ager daiteke, aditza nor-nori sailekoa denean:

Ni zuei etorri natzaizue (ni subjektua, zuei zeharkako osagarria).

Badira aditz iragankor batzuk, ergatiboak izan arren (nork kasua), osagarri zuzenik (nor kasua) onartzen ez dutenak, hala nola, barre egin, alde egin, dantza egin, lan egin... Zenbait hizkuntzalarik uste dute adizki hauetan osagarri zuzena egin aditzarekin batera doan substantiboa dela.

Badira eguraldi-aditzak deituak, eta horiek, nor-nork kasuko aditz iragankorrak izan arren, ez dute subjekturik onartzen: euria hasi du, elurra egin zuen...

Aditz arazleak edo faktitiboak


Aditz arazleetan (faktitibo ere deituak) subjektuak ez du ekintza burutzen, baizik eta beste bat behartzen du hori egitera. Euskaraz bi eratako aditz arazleak ditugu: antzinakoak eta gaur egungoak.

  • Antzinakoak: euskara zaharrean -ra- artizkiaz baliatzen ziren aditz faktitiboak osatzeko: ikasi > irakatsi, eman > eraman. Gaur egun ez du esanahi berezi hori, eta -ra- artizki hori gure lexikoan aurkitzen dugun arren, beste edozein aditzaren parekoak dira artizki hori dutenak. Gainera, esanahiari dagokionez, aldatu egin da, antzina zuten esanahi faktitibo hori galdu egin dutelako.

  • Gaur egungoak: egun, aipatutako balio faktitibo hori erdiesteko, arazi forma erantsi behar zaio aditzari. Euskalkiaren arabera forma bat edo bestea hartuko du: arazi, erazi, azi, erazo...

Euskaltzaindiaren arabera, forma zuzena arazi da, eta beraz, erazi bazterturik geratuko da (adierazi hitzean izan ezik).

Gainera, aditzari loturik joan behar du beti. arazi forma eransten zaien aditz horiek erregimena aldatuko dute, hau da: Etxera igo naiz / Etxera igoarazi naute.